Hezkuntza Sailak ez du hurrengo ikasturterako plangintza berritzailerik ezta egokiturik prestatu. Guk argi daukagu_ ez dugu normaltasunera itzuli nahi normaltasuna arazoa denean.

Hezkuntza Sailak, berriro ere, datorren ikasturteari begira prestatu duenaren berri hedabideen bidez eman du, inorekin adostu edo hitz egin gabe. Ohituta gaituen moduan jokatu du. Eta bere plana (edo hobe esanda “ez plana”) ezer gertatu izan ez balitz bezala “alarma egoera” aurretik genuen egoerara itzultzea da! Moldaketarik eta egokitzapenik gabe, balizko larrialditarako plangintzarik gabe, hausnarketarik gabe, hezkuntza ereduaren eta baliabideen erreformarik gabe!

Hurrengo ikasturteari begira, koronabirusaren edo antzeko birus baten balizko gorakada bati aurre egiteko, Hezkuntza saileko arduradunek ez dute ikastetxe bakoitzeko baldintzei egokitutako segurtasun/osasun planik ezta protokolorik prestatu; ez dute eraikinak, baliabide teknologikoak zein lantaldeak egokitzeko inolako aurreikuspenik egin. Honez gain, konfinamenduan zehar inoiz baino argiago nabarmendu diren eta Jaurlaritzak zein Madrilgo gobernuek hezkuntzan urteetan burututako murrizketen zein “berrikuntzen” ondorioz larritu diren gabeziei eta arazoei irtenbiderik emateko borondaterik ez dutela argi utzi dute.

Jaurlaritzaren helburu bakarra, COVID19aren krisialdi osoan zehar izan den moduan, hauteskundeei begira herritarrei normaltasunera itzultzen ari garela saltzea izan da, bai eta aurrekontuak ukitu gabe, enpresa handiei kalterik txikiena bermatuz eta agintariek lan askorik egin gabe aurrera ihes egitea.

Laburbiltzeko: aurreikuspenik ez, hausnarketarik ez eta behar zein eskakizun pedagogikoekiko zein sozialekiko sentsibilitaterik zein interesik ez dute agertu.

Berriro ere EAJ-k eta PSE EE-k osatzen duten Jaurlaritzak hauteskundeei eta negozio handiei lehentasuna eman die, normaltasuna eta kudeaketa bikainaren irudia gizarteari salduz, hezkuntza ereduak (EAEko zerbitzu publikoaren eredu osoak ere) behar dituen erreforma eta aldaketa sakonak saihesten dituen bitartean gizarte osoaren ongizatearen eta etorkizunaren kalterako.