EUNEIZ EZ Komunikatua

Agiria sinatzen dugun sindikatuok uko egiten diogu irabazi-asmoko EUNEIZ (European
University Gasteiz) unibertsitate pribatua Gasteizen martxan jartzeko baimena emango
dion lege-proiektuari. Lege-proiektuak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso zuen martxoaren
16an, eta orain, Eusko Legebiltzarraren onarpena behar du indarrean sartzeko.

UPV/EHUn lan egiten dugunok kezka handiarekin ikusten dugu, unibertsitate publikoari
egindako diru-ekarpenak ez nahikoak diren bitartean, “unibertsitate” pribatuei gero eta
erraztasun gehiago ematen zaiela eta gero eta diru publiko gehiago bideratzen zaiela.
Honek guztiak ikasleek ordaindu behar dituzten tasetan, plantilla nahikoa ez izatean,
irakasle eta ikertzaile batzuek pairatzen dituzten soldata eskasetan, ikerketa egiteko
baliabide urriak izatean eta abar luze batean eragiten du.

Anitzak dira guztion dirua kudeatzeko ardura dutenek EUNEIZ ez babesteko arrazoiak:

– 1997tik hona unibertsitate ikasleen kopurua ez da aldatu, eta unibertsitate pribatuen
kopurua, aldiz, etengabe handituz doa. Goi-mailako hezkuntza-eredu publikoaren aldeko
apustua egin ordez, EUNEIZ bezalako proiektuek ordezkatzen duten hezkuntza-negozio
eredua ari dira lehenesten. Unibertsitate pribatuek, EUNEIZ barne, elitismoa sustatzen
dute eta herritarren jatorri sozio-ekonomikoaren arabera segregatzen dute.

– Euskal Unibertsitate Sisteman dauden titulazioak bikoiztu egingo ditu EUNEIZ-ek
(Fisioterapiako Gradua, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta
Masterra, Eduki Digitalen Ekoizpen eta Ekintzailetzako Gradua) aipatutako legean
eskaintzaren garapena modu harmonizatuan egin behar dela jasotzen bada ere. Zentzu
horretan, UPV/EHUrekin lehian sartzen da, ikasleak lortzeko zein Administrazioetatik
datozen baliabideak eskuratzeko.

– EUNEIZ proiektua Kataluniako zenbait Unibertsitatetara atxikitako bi Zentrotan (EUSES
eta ENTI) oinarritzen da, Unibertsitate izatera heltzen ez diren bi eskola alegia.
Unibertsitate-eskolak deitu arren, unibertsitate izateko eskatzen diren ezaugarriak ez
dituzte betetzen.

– Aurkeztutako dokumentazioak ez du EUNEIZ-ek kontratatuko dituen langileen lan-
baldintzen berri ematen, ezta lan eginkizunak eta haien eskakizunen inguruko
informaziorik ere. Unibertsitate pribatuetan ohikoa den moduan, lanaldi partziala eta
behin-behinekotasun oso altua izango dela aurreikus daiteke.

– Era berean, ez du argitzen euskarak bere hezkuntza-planen barruan izango duen eragina
edo presentzia. UPV/EHUn gaur gaurkoz graduak eta, are gutxiago, masterrak euskaraz
osorik ikastea bermatuta ez dagoenean, EUNEIZ unibertsitate pribatu batean, irabazi-
asmoa duena, elitista dena eta Euskal Herritik kanpora begira dagoena, euskararen
presentzia are txikiagoa izango da.

Horregatik guztiagatik, proiektu honen onarpenak interes ekonomiko eta politikoei baino
ez diela erantzuten argi adierazi nahi dugu. Guztion ongi-izatea eta aukera berdintasunak
alde batera utzi eta dirudun gutxi batzuei mesede egiten diela salatu nahi dugu. Ezin zaie
karta zuririk eman akademia hutsak unibertsitate bihurtzen dituzten inbertsio-funtsetako
diruarekin dopatutako enpresei. Unibertsitate elitista horiek titulazioak urrearen prezioan
saltzeko makina bilakatzen dira.

EUNEIZ bezalako proiektuekin politikari batzuk (Gasteizko Udaletxearen eta Arabako
Diputazioaren gobernukideak eta Eusko Jaurlaritzarenak) unibertsitate-sistema
publikoaren desegitea ahalbidetzen ari dira, herritarroi bizkarra emanez. Horren adibide
da, besteak beste, EUNEIZ egitasmoa Europako Next-Generation funts publikoak
eskuratzeko programen artean kokatu izana Eusko Jaurlaritzak, 64 milioi eurorekin, EHUri
lotutako proiektuetarako eskatutakoa baino askoz diru kopuru handiagoa.

Euskal gizarteak, kalitatezko Unibertsitate Publikoa behar du, etengabe garatu eta behar
berrietara egokitzeko gai izango dena, gure lege-esparru propiotik arautu eta bideratu
behar dena. Euskal Unibertsitate publiko bat non langileek lan-baldintza duinetan lan
egingo duten eta bere jatorrizko zentzua inoiz ahaztuko ez duena, alegia, herritarrei
jakintza eta ezagutza ematea, edozein delarik ere haien jatorri eta maila sozial eta
ekonomikoa.

Ez dugu mota honetako unibertsitate pribaturik behar; diru publikoak zerbitzu publikoak
hornitzeko izan behar du. Honengatik guztiagatik ozen eta garbi EZETZ esaten diogu
EUNEIZ-i.
Hezkuntza unibertsitario publikoaren defentsan, EUNEIZ geldiarazi!!!

LAB – STEILAS – ELA – CCOO – CGT/LKN – ESK
Ernai – UPV/EHUko Ikasle Kontseilua