Zoru etiko gehiago eta hipokrisia gutxiago!

CGT-LKNtik gogor gaitzesten dugu Israel Gazan egiten ari den genozidioa, palestinarren giza eskubideak sistematikoki urratzen dituelako.

Ospitaleak, unibertsitateak eta etxebizitzak suntsitu dituzten Israelen bonbardaketekin Gaza txikitzen ari dira. Adin guztietako milaka pertsona errugabe hil dira edo odol hotzean hil dituzte Israelgo armadak edo kolonoek. Israelek berriz ere bere ankerkeria eta nazioarteko zuzenbidearekiko mespretxua erakutsi du.

Gogoratu nahi dugu Ukrainako gatazka piztu zenean, UPV/EHUk berehala elkartasuna adierazi ziola herrialde horri, web-orrian banner bat jarrita. Horregatik, duela aste batzuk, Palestinako genozidioaren testuinguruan, CGT/LKNtik ERREGISTRO bidez eskatu genien dekanoei, zuzendariei, campuseko errektoreordeei eta UPV/EHUko errektoreari banner bat jar zezatela unibertsitatearen webgunean, Palestina pairatzen ari den sarraskia salatzeko. Koherentzia-keinu bat.
Hala ere, unibertsitate honetako arduradun gehienek ez zuten gure eskaera onartu edo baztertu egin zuten, salbuespen bakar batekin. Herri palestinarra egunero sarraskitzen duten bitartean, gure arduradunek eskuak garbitzen dituzte eta jarrera argi eta solidario bat hartzeari uko egiten diote.

Azaroaren 17an, hilabete bat baino gehiago gatazkaren hasieratik, UPV/EHUk “Ukrainarekin” zioen bannerra kendu zuen  webgunetik, eta beste bat jarri zuen “16 GJH Bakea, justizia eta instituzio sendoak” mezuarekin. Gure ustez, horrek oso modu lausoan aipatzen ditu Giza Eskubideak.

Uste dugu keinu hori ez dela nahikoa; izan ere, salaketa argi bat egin behar denean, unibertsitate hau anbiguotasunean ezkutatzen da, eta, aurretik izan duen jarrera kontuan izanik, nahiko hipokrita iruditzen zaigu.

Ez dugu amore emango Israel palestinar biztanleriaren zati handi baten aurka egiten ari den genozidioaren salaketan, ondorio katastrofikoak baititu Ekialde Hurbilean bakea eta justizia lortzeko.

Aukera hau aprobetxatu nahi dugu armamentuaren fabrikazioa eta merkataritza oro har salatzeko.

Bereziki, armen merkataritzarako Bizkaiko itsas portuek sarritan parte-hartzen dutela nabarmendu nahi dugu. Arma horiek eta beste batzuk benetako lotsa dira, eta ehunka haurren heriotza eta sufrimendua eragiten dute gatazka armatu aktiboetan, baina baita gatazka horiek amaitu ondorengo hamarkadetan ere.

Zoru etiko gehiago eta hipokrisia gutxiago!