Azken hilabete hauetan oso gertakari larri batzuen lekuko izaten ari gara Bartzelonako Unibertsitatean (UB), EHUn ere ondorioak izan litzaketenak.
UBk, Joan Guàrdia Olmos errektorea buru dela, ikerketa-prozesu bat hasi du CREA ikerketa-taldearen inguruan, Espainiako Soziologia Federazioa bezalako erakundeen babesarekin. Ikerketa abiatu da hurrengokoa prentsan argitaratu ostean: talde horren aitzindari eta sortzaile den Ramón Flecha katedradun emerituarekin harreman profesionala izandako 14 emakumek sexu-abusatzaile gisa salatu dute.
Pasa den uztailaren 2an, hainbat hedabidek (InfoLibre, RTVE Noticias, elDiario.es eta Ràdio 4-RNE) ustezko sexu-koakzio eta -jazarpen kasu larri baten berri argitaratu zuten, Bartzelonako Unibertsitateko Ramón Flecha katedradun emerituak zuzendu ohi duen CREA ikerketa-taldearen baitan.
Lehenago ere, 2004an eta 2016an taldearen jokabide sektarioen kontrako salaketak egon ziren, gaur egun arte ez dute alabaina aurrera egin.
Uztailaren 3an, CREAko zenbait kidek osatzen duten AMIE elkarteak antolatutako kongresu batean parte hartu zuen Flecha jaunak EHUren Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (HEFA). HEFAko Areto Nagusian CREAren aldeko gutun bat irakurri zuten kasuaren berri izan eta biharamunean. Uztailaren 3an bertan, UBko Batzar Feministak gutun ireki bat argitaratu zuen, banakako 450 pertsonak eta 50 kolektibok baino gehiagok bat eginik, kautelazko neurriak eta ustezko gertakarien ikerketa eskatuz.
Uztailaren 11n, abokatuek ordezkatuta, hamaika emakumek salaketa formala aurkeztu zuten UBren aurrean eta, presioen aurrean, uztailaren 15ean UBk komunikatu instituzional bat argitaratu zuen, Ramón Flecha katedradun emeritu gisa zituen funtzioetatik kautelaz baztertuz eta aditu-batzorde baten bidez barne-ikerketa bat irekiko zuela iragarriz. Komunikatu berean, UBk adierazi zuen salatzaileek “izaera sexualeko jokabide iraingarri eta larderiakoak” deskribatzen zituztela, “onartezinak eta Unibertsitateko Kode Etikoaren aurkakoak izateaz gain, egiaztatuz gero, delitu izan zitezkeenak”.
Uztailaren 17an, Espainiako Soziologia Federazioak ere komunikatu bat argitaratu zuen gertakariak gaitzesteko.
Harrezkero, estatu mailan mundu akademikoan bizi izan den eskandalurik larriena izan baliteke ere, estatuko hainbat unibertsitateko CREAko kideek, horien artean EHUko kideak direla, Flecharen salatzaileak, haien laguntzaileak eta kasu hau publiko egin duten kazetariak difamatu, kalumniatu, iraindu, zalantzan jarri eta jazarri dituzte. Aldi berean, hedabideek hainbat albiste argitaratu dituzte, hala nola katedradunaren Google Scholar profileko aipuetan egindako iruzur akademikoari buruzkoa.
Orain arte argitaratutako informazio larrien aurrean, bai katedradunaren, bai hamarkadetan zehar berari lotutako beste profesional batzuen jarduerak zalantzen jartzen dituztenak, CGTk dei egiten dio gure unibertsitateari jarrera har dezan, bereziki gure erakundeko lankideak aipatutako ikerketa-taldearekin zerikusia izan lezaketela ikusita.
Oso garrantzitsua da biktimen defentsan eta babesean ahotsa altxatzea, eta unibertsitate-munduan gune seguruak sortzeko konpromiso irmoa erakustea, non osotasun akademikoa ez ezik, bertako kide guztien osotasun morala eta pertsonala ere ezaugarri nagusi izan behar diren.