Inicio Antidesarrollismo BAZTAN BIZIRIK NAHI DUGULAKOZ

BAZTAN BIZIRIK NAHI DUGULAKOZ

por CGT-LKN Kalean
0 comentario

salgaiAroztegiako auziak ez du hemen bakarrik eragiten, Baztango mugez gaindi horrelako franko ditugu Euskal Herrian, Europan eta munduan. Batzuendako belaunaldiz belaunaldi nekazal lur emankorrak izan direnak, bertzeendako diru gose ase ezina betetzeko, porlanez betetzen ahal diren lurrak dira. Batzuendako publikoa eta konpartitzekoa dena, bertzeendako pribatizatzeko eta sakelak betetzeko aukera da.

Lekarozen egitea proposatzen dena arras larria da. Luxuzko 228 etxebizitza 340 biztanle dituen herri batean. Hankaz goiti paratu nahi dituzte herria eta herritarrak. Baztango Udal Planetik kanpo, ez urbanizagarri ziren 46 hektarea urbanizagarri bihurtu nahi dituzte. Lekarozko zein Baztango egitura sozialean aldaketa nabarmenak eraginen lituzke. Planifikaziorik gabe egindako planteamendua da. Proiektuak ez du zehazten nondik hartuko den ura, zein zerbitzu erabili behar dituzten… Zer erranik ez euskararen arnas gune batean horrelako hazkunde artifizial eta neurrigabeak suposatuko lukeena.

Batzuk “garapena” deitzen dioten hori guretako agortutako eta porrot egindako eredua da. Adibideak pilaka ditugu, horien artean Aroztegiako proiektuaren promotoreak berak estatu mailan eta Baztanen bertan utzitako urbanizazio fantasmak, errateko baterako (Atalaya Dorada (La Oliva, Fuerteventura), Arrollaleku (Erratzu-Baztan). Hau da saldu nahi diguten eredua, ustelkeria eta bezerokeriarekin lotutako eredua.

Alternatibak egon badaude, eta ez ditugu guk asmatu. Mundu mailan eta Europan bertan ere, landa eremuan garapen orekatua planteatzen dituzten ereduak dira. Tokiko eragile eta herritarren parte hartzearekin diseinatuak, tokiko beharrak betez. Bertako kultura eta bizimodua mantenduz, ama lurra errespetatuz, eta hizkuntza gutxituak babestuz. Hori da Baztanendako nahi duguna.

Bi ereduen arteko talka da eta ez dira bateragarriak, batak bertzea desagertzera daramalakoz. Horregatik erabakiak hartu behar ditugu, baina nori dagokio erabaki horiek hartzea? Hauteskundeetan “aldaketa” iragarri eta ondoren erregimenaren trikimailu berak erabili dituen gobernuaren eskuetan egon behar du? Ala kaltetutako herritarren erabakia izan behar du? Guk argi dugu erabakitzeko eskubidea herritarrena dela eta herritarrendako erabakitzeko eta parte hartzeko tresnak martxan paratu behar direla. Hori da Baztanendako eta Euskal Herriko herritar guztiendako aldarrikatzen duguna.

Argi dugu aspalditik urteetan “demokrazia” bezala saldu digutena, ilusio faltsu bat bertzerik ez dela izan. Bada garaia herritarrok gure esku hartzea ardura hori, eta aski dela erratea. Forma eta izen desberdinak hartzen dituzte, baina hauteskunde guztietan iruzur berri bat bizi dugu nafarrok. Zoritxarrez Nafarroan, mendeetan ateak zabalik izan dituzte zapaltzaile, jauntxo eta kapitalista neoliberalek, eta ez dute arazorik eduki hain beharrezko izan dituzten bertako aliatuak bilatzeko. Hauendako morroi lanetan aritu diren agintariak ere forma eta modu desberdinetan agertu izan dira. Azkenengoa “aldaketaren” gobernua deitzen da. Baina zorionez, aldi berean beti egin dute topo bere izena eta izana defenditzen duen herriarekin, forma eta modu desberdinetan antolatu eta borrokatu duen herriarekin, eta oraingoan ere horrela izan da, eta ez dugu etsiko!

AROZTEGIA…ETA GERO ZER? PLATAFORMA

Crear PDFImprimir

Aviso legal. Esta web utiliza cookies para optimizar la navegación. Al continuar navegando está aceptando su uso y nuestra política de cookies y ver la forma de desactivarlas. (Política de privacidad) Internet Explorer, FireFox, Chrome, Safari Aceptar Leer más

Share