2011ko otsailaren 26an “Casa Pound” erakunde faxistak Italia iparraldeko Cuneo hirian (Torinoko eskualdean) egoitza bat irekitzeko asmoa zuen, II Mundu Gerra garaian faxisten eta nazien aurka borrokatu ziren hainbat partisanoren jaioterrian hain zuzen. Probokazio honen aurrean bertako antifaxistek elkarretaratze bat antolatu zuten eta bertan faxisten eta antifen artean liskarrak izan ziren.
Istilu hoien harira maiatzaren 27an italiar polizia Cuneoko 3 anarkista ezagun atxilotzen saiatu zen –hirurak “Nunatak” aldizkaria argitaratzen duen taldeko kideak eta Torino-Lyon arteko AHTaren eraikuntzaren aurkako ekintzaile ezagunak-, aldi berean hainbat miaketa burutu zituen eskualde osoan. Luca Ghezzi atxilotu eta gutxira Fabio ere atxilotu zuten, gerora biak haien etxeetan atxilotuak izatera igaro zirelarik (kontrol neurri zorrotzpean). Guido Mantelli-k berriz ihes egitea lortu zuen. Hirurokin batera beste 18 antifaxista ere auziperatuak izan ziren, faxistak aldiz pakean utzi dituzte.
2011ko azaroaren 26an, Cuneoko epaitegian, 2012ko urtarrilaren 25ean hasiko den gertaera hauen gaineko epaiketa prestatzeko lehen bista ospatu zen. Egun horretan Guido-k bere burua epaitegiaren aurrean aurkeztu zuen, klandestinitatean 8 hilabete eman ondoren. Guido, epaiketa hasi arte, bere etxean atxilotuta egotera zigortu dute. Bestalde mugimendu antifaxistak elkarretaratze bat antolatu zuen epaitegiaren aurrean.
Epaiketa ondoren, poliziak, elkarretaratzean parte hartu zuen Arturo Fazio (hau ere anarkista ezaguna eta “Nunatak”eko kidea) atxilotu zuen 1998 urteko auzi bategatik: 1998ko apirilaren 4ean Brosso herrixkako hilerrian, Torinoko espetxean urkatuta agertu zen Edoardo Massari “Baleno” (anarkista, okupa eta Torino-Lyon arteko AHTaren eraikuntzaren aurkako ekintzailea) ezagunaren hiletan izandako istiluengatik atxilotua eta kondenatua izan zen. Balenoren familiak hedabideei hiletara ez agertzeko eskatu arren zenbait kazetari hilerrira agertu zirenean Balenoren kideek haien aurka egin zuten. Auzi honengatik Arturok denboraldi bat preso eman zuen eta 3 urtetako espetxe zigorra jaso zuenean ihes egin eta gero 9 urte klandestinitatean pasa behar izan zituen 2010an amnistia batek etxera itzultzeko aukera eman zion arte. Orain, 13 urte geroago, epaileek zigor hartatik 2 hilabete betetzear dituelaren aitzakiaz Arturo berriro espetxeratu dute.
Auziperatuei elkartasuna adierazteko helbideak:
Arturo Fazio
c/c via Pianezza
10151 Torino (Italia)
Nunatak
c/o Biblioteca Popolare Rebeldies
via Savona 10
12100 Cuneo (Italia)
Informazio eguneratua eta atxilotutakoen adierazpenak lortzeko: www.informa-azione.info
INFORMAZIO OSAGARRIA
Val Susa edo Susako harana
Susako harana, Italia iparmendebaldean, Frantziarekin muga egiten duen Piemonte eskualdeko Torino (gaztelaniaz Turin bezela ezaguna) probintzian kokatutako haran txiki bat da. Torinoko iparmendebaldean, italiar lurretan dagoen Alpeak mendikate garaiaren zatian kokatuta izanik oso lurralde menditsua da. Bertan 39 udalerri eta 90.000 biztanle daude, eta italieraz gain beste bi hizkuntza mintzatzen dira: okzitaniera eta franko-probentzala.
Val Susako AHTaren auzia
XX. mendeko azken hamarkadan Frantzia eta Italiako hiri nagusiak lotzeko Torino eta Lyon artean Abiadura Handiko Trenbide sare bat eraikitzea proiektatu zutenean, honek Alpeak Val Susatik zeharkatuko zituela aurreikusi zuten. Proiektua ezagutu eta berehala horrek haraneko ingurune naturalean eragingo zituen txikizioak galerazteko, Torinoko eskualdean, “No TAV” izenarekin ezaguna den AHT-TAVaren aurkako herri mugimendu zabala eratu zen.
Alderdi politiko eta sindikatu gehienek zuzenean zein zeharka (itxurazko oposaketa sinbolikoa eginda) AHTa eta haren inguruan mugitzen diren interesak babesten dituztenez, trenbidearen aurkako mugimendua herri mailako komite eta batzar autonomo eta irekien bitartez antolatu zen. Urte guzti hauetan proiektu txikitzaile honen aurka hamaika ekimen ezberdin burutu dira: manifestazioak, greba orokorrak, errepide eta trenbide mozketak, mendi martxak, topaketak, desobedientzia zibileko ekintzak, e.a. Oposaketa mugimendu horretan Torino eskualdeko anarkistek eta etxe okupatuek hasieratik oso parte hartze aktiboa izan dute.
EDOARDO MASSARI BALENO(Tximista) (1963-1998)
Edoardo, 1963ko apirilaren 4ean, langile familia baten barnean jaio zen Italia iparraldeko Piemonte eskualdeko Ivrea herrian, Alpeen magalean. Nerabezarotik Torino eskualdeko mugimendu anarkista insurrekzionalistan eta okupazioaren mugimenduan sartuta egon zen.
1991ean etxe okupatu baten desalojoa salatzeko udaletxe baten okupazioan (argazkian) parte hartzeagatik 7 hilabetetako espetxe zigorra jaso zuen (zigor txikia izanik ez zuen espetxean sartu behar izan). 1993ko uztailean berriz, bizikleta bat konpontzen ari zen bitartean, soldadurarako gas bonbona lehertu egin zitzaion eta zauri arinak eragin zizkion. Osasun zentrura zauriak sendatzera joan zenean poliziak Edoardo bertan atxilotu zuen zauriak lehergailu bat prestatzen ari zenean egin zituela leporatuta. Muntai honen ondorioz anarkista gazteak 2 urte eta 8 hilabetetako zigorra jaso zuen eta 1996ko abendura arte preso egon behar izan zuen. Preso zegoela hainbat protesta burutu zituen; haren zigorraren bidegabekeria salatzeko, espetxean jasandako tratu txarrak salatzeko zein beste presoei laguntzeko.
Espetxetik ateratakoan berriro murgildu zen garai hartan errepresio gogorra jasaten ari ziren mugimendu anarkista insurekzionalistan eta okupan, eta baita Lyon (Frantzia) eta Torino (Italia) artean eraiki nahi zuten abiadura handiko trenaren aurkako borrokan. 1997an Torinoko Collegno eritetxe zaharra okupatu zutenean bertara hurbildu zen eta han Silvano Pellisero eta Maria Soledad Rosas “Sole”rekin topo egin zuen. Azken honekin maitasun harreman bero bat hasi zuen.
1998ko martxoaren 5ean Edoardo, Sivano eta Sole, legedi antiterroristapean atxilotuak izan ziren. Poliziak, 1996tik AHTaren lanen aurka lehergailuak jarri zituen “Lupi grigi” (otso grisak) ustezko taldea osatzea leporatu zien.
Urte bereko martxoaren 28an Edoardo urkatuta agertu zen Torinoko Valleteko espetxeko bere ziegako barroteetaik zintzilik. Hilketa susmo eta samindura izugarriaren artean hainbat protesta ekimen egin ziren Europa osoan zehar eta manifestazio erraldoi bat burutu zen Torinoko kaleetan.
1998ko uztailaren 11an Solek bere buruaz beste egin zuen. Silvanok berriz urte mordoa eman zituen preso haren aurkako inolako froga sinesgarririk ez bazen ere.