Claudio Lavazza C.P. Teixeiro (módulo 11) carretera Paradela s/n 13510 Teixeiro-Curtis (A Coruña) |
1954eko urriaren 4ean, Italia iparraldean dagoen Milan eskualdeko Cerro Maggiore herri txikian, langile famili batetan jaio eta hazi zen. 15 urterekin ikasketak utzi eta erreminta lantegi batetan lanean hasi zen. Aitari eta beste herrikidei entzundako II Mundu Gerrako eta partisanoen (partisanoak: nazi eta faxisten aurka borrokatu ziren italiar gerrilariak) istorioek liluratu egin zuten, faxista ohiak oraindik agintean ikusten zituen gazte hura. Laister ugazaben eta faxisten aurkako borrokarekin amesten hasi zen eta bere kabuz hortarako trebatzen hasi zen, klub batetan tiro praktikak egiten eta etxean egindako lehergailuak frogatuz.
1968-1969 urteetan ikasle eta langileen mobilizazio eta borrokek, ohiko alderdi politiko eta sindikatuen epelkeria gaindituta, muturreko mugimendu eta praktika antikapitalista berri baten sorrera eragin zuten: Autonomia (asanbladetan, autogestioan eta ekintza zuzenaren inguruan antolatutakoa). Faxisten eta polizi indarren gerra zikinari, jazarpenari eta indarkeriari aurre egiteko, eta garai hartan munduan indarrean zeuden gerrila ezkertiarren eraginez, Italian ezker muturreko ehundaka talde armatu sortu ziren: GAP (Talde Armatu Partisanoa), BR (Brigada Gorriak), NAP (Talde Armatu Proletarioak), AR (Ekintza Iraultzailea), PAC, etab.
Giro nahasi horretan, Claudio gaztea marxismo-leninismoaren klasikoak irakurtzen eta Milan hiriko mugimendu autonomoaren borroketan murgildu zen: manifak, okupazioak, asanbladak, kale borroka… Faxistekin izaten zituzten borroka gogorren harira arte martzialak praktikatzen hasi zen: kick boxing, jiu jitsu eta muai thai. Eta 1977 urte amaiera aldera borroka armatura jauzi egin zuen PAC (Proletario Armatuak Komunismoaren alde) taldean sartuz.
1979ko ekainean poliziak PACeko ezkutaleku eta arma-biltegi baten inguruan atxilotu zuen eta espetxera bidali zuten. Sei hilabete preso eman ostean ezustean baldintzapeko askatasuna eman zioten eta gurasoenera itzuli zen. Baina 1980ean PACeko kide ohi eta salatari baten akusazioen harira ihes egin eta klandestinitatera pasatu behar izan zuen.
1981ean errepresioaren eraginez desagertutako zenbait talde armatuetako kideek talde berri bat osatu zuten: COLP (Proletargoaren Askapenerako Antolatutako Komunistak). Horren helburuak preso zeuden kideei laguntzea eta ihes egiten laguntzea zen eta 1984 bitartean hainbat ekintza ikusgarri burutu zituen.
Errepresio zorrotzaren eraginez 1982ko otsailean Claudiok Parisera alde egin zuen. Garai horretan Italian epaitu eta 26 urtetako espetxe zigorrera kondenatu zuten.
Parisen, zergak sahiesteko haien dirua ezkutuan Suitzako bankuetara eramaten zuen enpresari talde batentzat “mezulari” moduan lanean aritu zen: Suitzara zihoazten turista eta eskiatzaileen artean mugaren alde batetik bestera diru-beltza garraiatzen. Hoietako bidai batetan Suitzako poliziek diru mordoarekin harrapatu zuten, eta haiengandik ihes egitea lortu bazuen ere poliziak Claudio identifikatu zuen eta gainean zeraman diruaren arrastoa jarraitu zuen: 1986ko uztailean Saint Nazare-ko Frantziako Bankutik lapurtutako dirua zen. Frantziako epaileek Claudiori banku lapurreta hori leporatu eta 30 urtetako espetxe zigorra ezarri zioten.
Frantzian jarraitzea arriskutsuegia bilakatu zenez, Claudiok Espainiara alde egin zuen eta garai batetan Italian ikasitakoaz baliatuz bankuak lapurtzeari ekin zion. Sasoi horretan Italiako anarkistekin harremanak estutu zituen.
1996eko abenduaren 18an, Kordobako hirian, banku lapurreta batetan zehar Claudio eta haren 3 kide (hoietako 2 italiar anarkistak) zaurituak eta atxilotuak izan ziren. Poliziarekin izandako tiroketetan Claudiok bi polizia erahil zituen. Gertaera hauengatik 48 urtetako zigorra jaso zuen.
Hasiera batetik Claudio eta haren kideak isolamenduan jarri zituzten, FIES (zaintza bereziko presoen fitxategia) erregimen berezipean. Claudio egoera horretan mantendu zuten 2006 urtera arte, anarkistekin duen loturarengatik eta FIES sailaren aurka presoek 1998-2002 urteen artean burutu zituzten mobilizazioen bultzatzaileetako bat izateagatik.
2000 urtean anarkistek zenbait hedabideetara, epaitegietara eta italiar enbaxadetara igorritako bonba paketeen atzean egotea leporatu zioten, gerora errugabetzat jo bazuten ere. Eta 2007an Granadako Albolote espetxeko kartzelero eskuindar batzuk Claudioren aurkako salaketa faltsuak egin zituzten baina euskal elkarte baten laguntzari esker muntaia bertan behera gelditu zen.
2008-2009 urteetan Claudiok bizi arteko espetxe zigorren aurka burututako ekimenean eta mobilizazioetan parte hartu zuen. 2007tik Claudio A Coruñako Teixeiro espetxean preso dago eta 2010ean hark idatzitako autobiografia hainbat hizkuntzatan argitaratu zen: “Autobiografia de un irreductible”.
PAC (Proletario Armatuak Komunismoaren alde)
1977 urtean Milan hiriko mugimendu autonomoaren aurkako errepresio bortitzaren garaian “Senza Galere” (Espetxerik gabe) aldizkariaren inguruan sortutako eztabaidaren ondorioz sortu zen talde armatua. Haren helburuak bi ziren: preso politiko eta iheslariei laguntzea (ihesak prestatuz, haien borrokak sostengatuz, abokatuak ordaintzeko dirua eskuratuz…) eta Estatuaren errepresio sistemaren aurkako erasoak burutzea (espetxeak, epaileak, polizia, kartzeleroak, salatariak…).
Hasiera batetan armak eta dirua lapurtzeari ekin zioten. Geroago espetxeen aurkako atentatuak burutu zituzten eta torturekin lotutako kartzelero zein poliziei hanketan tiroak eman zizkieten. 1979ean poliziaren txibato bat, espetxe bateko zaindarien burua eta polizia sekretuko kide bat erahil zituzten.
Taldea 1979ko udaberri eta uda bitartean kide eta laguntzaile gehienak atxilotu edo identifikatu zituztenean desegin zen.
COLP (Proletargoaren Askapenerako Antolatutako Komunistak)
70ko hamarkadako talde armatuetako kide ohiek 1981 urtean sortu zuten talde armatua (gehienak PACeko kide ohiak). Haren helburuak preso eta iheslariei laguntza ematea, presoak askatzea eta Estatuaren erakunde errepresiboei erasotzea ziren. Haren ekintza esanguratsuenak:
-1981/12/04. Frosinoneko espetxeari erasoa Cesare Batistti preso iraultzailea askatzeko.
-1982/01/03. Rovigoko espetxeari erasoa lau preso politiko askatzeko.
-1982/01/21. Sienan, banku lapurreta batetan zehar, Lucio di Giacomo ekintzailea eta bi polizia hilik suertatu ziren. COLPeko hainbat kide atxilotuak eta torturatuak izan ziren.
-1983/10/15. Parisen, banku lapurreta batetan, poliziak Ciro Rizzato ekintzailea hil zuen.
1984 urte hasieran gertatutako atxiloketen ondorioz taldea deseginda gelditu zen.
*Claudioren autobiografia eskuratzeko: Gazteizeko Zapateneo edo Algortako Eztabaida topagune-denda-kultur elkarte-kolektiboekin harremanetan jarri:
Zapateneo www.zapateneo.net
Zapateria kalea 95
01001 Vitoria-Gasteiz
Eztabaida
Villamonte plaza
48991 Algorta-Getxo (Bizkaia)