Apirilaren 22an gu ere egonkortasunaren alde grebara goaz!
Urteetan zehar estatuko zein EAEko sindikatu nagusi guztiek behinbehineko langile publikoen egonkortze eskaerak eta beharrak alboratu izan dituzte, EPEtan oinarritutako bidea lehenetsiz; interinoen zein ordezkoen babesa eta defentsa bigarren mailako afera izan da haientzat, negoziazio mahietan trukerako beste txanpon bat. Interinoak eta ordezkoak sindikatuetatik kanpo antolatzen eta borrokatzen hasi direnean (Interinoak plataforma, Langile Interinoen asanbladak, Interinoen Greba…) eta estatu mailako borroken ondorioz gai honek epaitegietan aurrera egin duenean EAEko sindikatu nagusiak gaiari lotu dira. Ildo honetan behinbehinekotasunaren murrizketa aldarrikatzeko datorren apirilaren 22rako EAEko administrazio guztian greba deialdi bat egin dute, baina ez dute langileon artean haien proposamen eta eskari zehatzen gaineko informazio gehiegirik zabaldu eta, hezkuntzako zentruetan behintzat, ez dira mobilizazioaren aldeko informazio eta antolaketa lan handirik egiten ari.
Bizkaiko CGT-LKNren Hezkuntzako Langileon Sailetik, 2011tik eratu ginenetik, geure indar eta baliabide xumeekin langile publiko interinoen eta ordezkoen duintasunaren eta eskubideen alde aritu gara, lan esperientzia bidezko egonkortzearen aldeko apustu irmoa eginda. Horregatik nahiz eta deialdi honekin kritikoak izan haren alde egitea eta mobilizatzea erabaki dugu. Gure zein gure lankideen egonkortzearen alde egiteko, eta lan eskubideez haratago egoera honek zerbitzu publikoen kalitatean, baloreetan eta izaeran eragin zuzena eta bortitza duelako. Apirilaren 22an grebara!
Bizkaiko CGT-LKNren Hezkuntza Publikoko Langileon Saila
Bilbon, 2021eko apirilaren 19an
www.cgt-lkn.org/Bizkaia/hezkuntza