CGT-k KYBSEn aldi baterako sei langileren kaleratzea baliogabetzea lortu du

Posted by

CGT-LKNk bultzatutako salaketen ondorioz, Ororbian automobilgintzarako motelgailuak ekoizten dituen KYBSE multinazionala behin betikotasunez kondenatu dute kaleratze baliogabea eta iruzurrezko kontratuak egiteagatik. Iruñeko Lan Arloko 1. Epaitegiak langile baten aldeko lehen epaia eman ondoren, enpresak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen lehenik, eta Auzitegi Gorenera gero. Azken errekurtso hori atzera bota ondoren, Auzitegi Gorenak berretsi egin du epaia. Horrek aldi baterako sei langileri eragiten die, eta mugagabe gisa kontratatu beharko dituzte.

 

Hala, 2024ko abenduaren 31n ezkutuko kaleratze kolektiboa gertatu zela, eta, beraz, baliogabea izan zela aitortu dute. Gainera, 2023ko uztailetik, ekoizpen-arrazoiengatiko aldi baterako kontratuak iruzurrezkoak ziren. 64 kaleratze horiek, mediatikoki oharkabean igaro zirenak, zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen arteko akordio lotsagarri baten ondorio izan ziren, gehiengo sindikalak sinatuta eta gainerakoak konplize izanda. Urtebete lehenago, 2023ko abenduan, negoziatu zuten akordio hori, aldi baterako langileak bazter utzirik. Akordio horri esker, enpresak aldi baterako langileak beste urtebetez bajak ordezten mantendu zituen; urtebeteren buruan, ordea, kontratu mugagabeak egin beharrean, berriz kaleratu zituen, hitzarmena eta legea urratuz.

 

Kontuan hartzekoa da KYBSEk duen hitzarmen kolektiboak arautzen duela lan-poltsa. Hitzarmenaren arabera, antzinatasun-ordena errespetatu behar da, eta ekoizpen- arrazoiengatik egiten diren behin-behineko kontratuak mugagabe bihurtu behar dira, gehienez legezko sei hilabetera iristean. Akordio horrek urratu egin zituen baldintza horiek eta aldi baterako langileak diskriminatzen zituen babesgabetasun, ziurgabetasun eta etengabeko prekaritate egoerara kondenatuz. Nabarmentzekoa da, gainera, langile horietako gehienek zazpi urte zeramatzatela batez beste lan-poltsa horretan aldizka lan egiten, horrek dakarren ezegonkortasunarekin, eta kontratu mugagabea izateko aukera berriro ere zapuztu zietela.

 

Horrez gain, Nafarroako Lan Epaitegiak ere ontzat eman zituen enpresak egindako eta batzordeak onartutako kaleratze horiek. Neutraltasun zalantzagarria duen erakunde horrek ez omen zuen irregulartasunik ikusi. Bada, KYBSEk adiskidetze-ekitaldiak antolatu zituen eta idazkiak beteta banatu zizkien langileei, sina zitzaten. Horrela, langileek bidegabeko kaleratzea onartzen zuten, baina, egiaz, baliogabea zen. Horren truke, 45 eguneko kalte-ordainaren zati bat zergarik gabe uzten zieten, eta enpresa legezko erantzukizun handiago orotik salbuetsita geratzen zen.

 

Egoera horren aitzinean, 2025ko urtarrilaren hasieran, hainbat langilek hartu zuten aurrea eta, CGTren bidez antolatuta, batzar irekia deitu zuten egoera azaltzeko eta gainerako lankideei enpresa salatzea proposatzeko. Azkenean, sei langilek egin zuten hori. Otsailean, KYBSEk aldi baterako langileak kontratatu zituen berriz ere, salatzaileak errepresalia gisa baztertuta, eta jokabide hori instituzionalizatzeko mehatxua egin zuen, lan-poltsaren funtzionamendua eraberrituz. Horren aitzinean, orain bai, enpresa-batzordea lan-poltsaren funtzionamenduaren eta antzinatasun-ordenaren defentsan agertu zen, eta, azkenean, enpresak atzera egin eta kontratatu egin zituen. Uztailera arte egin zuen hori, eta bi urte bete ziren ia etenik gabe lanean, kolektibo horren guztiaren behin-behinekotasuna betikotuz.

 

Udan iritsi zen aldeko lehen epaia eta langilearen berrartzea. Horrek ondorioak izan zituen irailean, nabarmen baldintzatu baitzuen enpresaren eta batzordearen arteko kontratazio- akordio berria. Horrela, errelebo-kontratuaren bidez, aldi baterako langileak behingoz mugagabe egiteko estimatutako data bat ezarri zen, nahiz eta oraindik guztiei ez dieten lan egiteko deitu. Gaur, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta orain Auzitegi Gorenak helegiteak atzera bota ondoren, epaia berretsita dago eta hainbat ondorio orokor atera ditzakegu.

 

Lehenik eta behin, hau ez da kasu isolatu bat. Industrian hedatua dagoen prekaritatea egiturazkoa da, patronalak ezartzen dituen malgutasun-eskakizunei erantzuten diena. Prekaritate horrek bereziki eragiten die aldi baterako langileei, azpikontratatuei edo ABLEen bidezko langileei. Bigarren mailako langileak dira, beren lan-eskubideak zein eskubide sindikalak sistematikoki urratzen zaizkienak. Langile horiek bizi duten egoera enpresariek eragina da: eskulan merkea, malgua, otzana eta beti eskuragarria izatera bultzatzen dituzte. Horretarako, beren neurrira egindako marko legala izan arren, ohikoa da enpresariek legeari berari jaramonik ez egitea. Zoritxarrez, ohikoa da egoera horien aitzinean ordezkari sindikalen eta plantillako langileen zati handi batek axolagabe jokatzea edota konplize izatea ere.

 

Bigarrenik, eta kasu zehatzetik haratago, CGTtik positiboki baloratzen dugu esperientzia hau. Izan ere, aldi baterako langileek multinazional bati aurre egin diezaioketela erakutsi du eta borroka bide bakarra dela eta langileok irabazi dezakegula argi geratu da. Hortaz, borrokaren adibide baliotsua eta errepikatu beharrekoa da gertatutakoa; hain zuzen ere, patronalak langile prekarioen aurka baliatzen dituen beldur, ezjakintasun, ahulezia eta desantolaketa dinamikak hautsi ahal izateko.

 

Hala ere, jakin badakigu alde batetik auzibidearen mugak zeintzuk diren eta, bestetik, arazo horri lehentasunez aurre egin beharko litzaiokeen eremua borroka sindikalarena dela. Izan ere, lantokien baitako antolaketan eta langileen berezko gaitasunen garapenean datza langile klasearen indarra. Era berean, badakigu prekarizatutako sektore horiek antolatzea benetan zaila dela. Horregatik, sindikatu zein langile guztiei galdegiten diegu guztion lan-baldintzak eta eskubide sindikalak defendatzeko konpromisoa har dezaten. Ildo horretan, elkartasuna eta batasuna klase-sindikalgintzarako oinarrizko printzipioak izan behar direla ulertzen dugu.

 

Sindikatu gisa, uste dugu prekaritatearen eremu honetan presentzia izatea bereziki beharrezkoa dela. Horregatik egonen gara hor, antolakuntzarako eta borrokarako baldintza eraginkorrak sortzeko helburuarekin. Horrela, langile klase osoa bere interesen defentsan batzeko tresna baliagarri izateari eutsiko dio CGTk, inor atzean utzi gabe.