Berriro sortu da izugarrizko iskanbila, eskandalu mundiala, bai horixe, milaka pertsona ospetsuen, aberatsen izenak asaldu dira Panamako paperetan. Ez dakigu zenbat diru duten Panaman, baina garbi dago hara eraman dutela, zergak ordaintzeko beharrari izkina emateko. Almodovar, errege familiakoak, Vargas Llosa, la Real Sociedad de Futbol, Messi, Imanol Arias, eta abar luze bat. Pertsona hauentzat euren poltsiko justizia soziala baino inportanteago omen da, zergak ordaintzea zama eraman ezina ei da?
Zen bat paradisu fiskal daude munduan zehar? Kaiman irlak, Hong Kong, Gibraltar, Bermudak, Singapur, Liechtenstein, Andorra, Luxenburgo, Kanada, Israel, EEUU, España ere bai … adituek diote osotara badaudela 73 paradisu fiskala, hau marka!
Eskandalua da munduan 62 pertsonek 35.000 miloi pertsonek baino aberastasuna handiagoa izatea.
Eskandalua da gure instituzioek bultzatzen duten politika fiskala. Gero eta zergak gutxiago ordaintzea hobe ekonomiarentzat. Pertsonentzat ere bai?
Eskandalua da – zerga gutxi ordaintzearen alde egotea, ezkertiarra dela- esatea.
Asaldaturik egon behar genuke, munduan dagoen pobreziaren antzina. Asaldaturik eta haserre egon behar genuke, aberatsek metatzen duten dirua beti gutxi dela eta gehiago irabazi behar dutela, pentsatzen dutenean. Uste dut, diru metaketa honi batzuek garapen ekonomikoa deitzen diotela.
Panamako paperak dira injustiziaren izotz mendiaren puntaren punta, eta susmoa daukat, laster eskandalu hau hedabideetatik desagertuko dela. Baina lasai beste eskandalu batek lekukoa hartuko dio, eta horrela eskandaluz eskandalu injustizia normalizatzen da.