KLIMA ALDAKETA

tantaka

Paris hiri hertsian, gotorleku bilatuta, munduko 196 herrialdetako agintariak bildu dira, klima aldaketa arazoari aurre egiteko. Ohi bezala diskurtsoak ponposoak izaten ari dira, hitz ederrak jendearengan ilusioa pizteko modukoak. Hedabideetan bederen horrela berria eman ari da. Baina hitz polit horietatik haratago errealitatea inposatzen da. Obamak, AEBetako lehendakaria, ziurtatu digu bere eskuan dagoen guztia egingo duela klima aldaketa geldiarazteko. Asmo zintzo hori bateragarria da Obamak bultzatzen duen TTIP izeneko merkataritzarako hitzarmenarekin ? Nik esango nuke ezetz baina agian lortu du zirkulu koadratzeko formula. Dena den, errepublikarrek ere garbi mintzatu dira, balizko klimaren inguruko akordioa geldiaraziko dute haien menpe dagoen senatuan, haien ustez aldaketa klimatikoa ipuin bat da, ez dugu kezkatu behar, ekonomiak ongi funtzionatzen ba du denak konponduko da. Hau dena kutsakorren zerrendan bigarren postua okupatzen duen herriari dagokionez.   Eta nor da horko zerrendako txapelduna? Une honetan munduan bere ekonomia gehien hazten den herrialdea … Txina da gure txapelduna ¡, baina lasai bere agintariek baieztatu dute prest daudela hartuko diren konpromisoak betetzeko. Txinak duen ikatzarekiko menpekotasuna laster gaindituko duela, ez dakigu nola egingo duten, nuklear energia erabiliz apika? Nik dakidanez mirakuluak bakarrik liburu santuetan.   Europaren kezka nagusia lehiagarri izatea da, hazkunde ekonomikoa ziurtatu nahi du, eta ildo ekonomiko honek ez du ematen bateragarria denik natura bermatzearekin. Hazkunde ekonomikoak erregai gehiago kontsumitzea dakar eta horrek CO2 isurketak areagotzen ditu. Hirugarren munduko ekonomiek, guk dugun bizi modua lortu nahi dute, horretarako teknologia konpartitzea eskatzen dute, teknologiarik gabe nola lortuko duten bizi baldintza duinak? Teknologia botera da eta mendebaldeko potentziak ez daude prest konpartitzeko.   Ezin dugu ahaztu gaur egon non dagoen benetako boterea, edozein multinazionalek herri bateko gobernuak baino gehiago agintzen du. Munduko botere ekonomikoari bost axola dio aldaketa klimatikoak eta ingurugiroak, etekin ekonomikoa du nahia bakarra. Gailur klimatiko honetan, agintariak behartuta daude gizarteari zerbait saltzeko, hori dela eta ez dago zalantzarik hitzarmen bat sinatuko dutela baina paperean idatzitako hitzek haien porrota ezkutatzeko balioko dute. Nire ustez, berriro huts egingo diogu planetari eta hori ez da ona inorentzat.