Zezenketari buruzko eztabaida (Bittor Abarzuza)

Sanferminak zezenketa-entzierroak baino zerbait gehiago den jaia da, makdonalizatua badago ere eta iruditeria turistikoan horrela saldu nahi badiote ere turista estandarrari. Turista guztiak ez dira taurinoak, kontzientzia ekologista eta animalien aldekoa kontu globalizatua baita gure munduan. Are gehiago, gaitzetsi egiten dira “gure” tradizioa leku anitzetan, hain justu, basakeria hutsa dela iruditurik. Turismoarekiko menpekotasuna sortzen da ekonomian eta diskurtsoan, elkarreraginean. Etnizitate-marka salgai jarritako publizitateak erakartzen duen turista taurino bihurtzen du, standar. Sanferminak ez daude soilik murrizturik erlijioari eta tauromakiari, tokiko kulturak aunitz anitzagoak baitira, ez dago bertakoa izateko forma bakar bat. Sormena ere badakarte: hor dago lagin bat, Villavesako entzierroa, Riau-Riau bezala, bapatekotasunetik sortuak baitziren. Bapatekotasuna da instituzionalizatu eta komodifikatu egin dena.

1855ean ingelesak eta kolonoak zegoeneko bazuten Aby Ayala ia erabat hartua, Kuna herriak Amerikari esaten dioten moduan,: “helduaroan bete-betean den lurra, odol bizikoa”. Hango jendeak pairatu behar izan zuen historian izan den suntsiketarik handienetako bat eta hona hemen Seattle Buruzagi Handiak Estatu Batuetako presidente kolonoari bidalitako mezuaren zati bat: “Nork eros edo sal dezake Zerua, edo Lurraren beroa?, Lurraren zati gara, bera gure zati da, orobat. Lore lurrintsuak, oreina, zaldia, arrano ederra senide ditugu. Haitz handiak, belardi gozoak, moxalaren eta gizonaren gorputz suhartsuak familia berekoak dira denak”. Aitzinako euskaldunok ez al zuten holako pentsamoldea eta sentiera izanen, kristauak, kolonoak eta lurraren jabe diren kapitalistak etorri baino lehen?

Bittor Abarzuza Fontellas