Greba deialdiak, mobilizazioak eta kalera zein negoziazio mahaietara eramateko aldarrikapenak, langileon parte-hartze zuzen eta aktibo baten bitartez –ikastetxeetan burututako prozesu asanbleario baten bitartez- prestatu eta adostu behar direla uste dugu. Honetan, sindikatuez gain, langileok ere erantzukizun handia daukagu.
Mobilizazioetarako deialdiek ahalik eta bateratuenak eta zabalenak izan behar dute (sindikatu, eragile eta elkarte guztiak batuz, ikasleak eta gurasoak kontuan hartuz, gizarte zerbitzuetako langileak ere kontuan hartuz eta hezkuntza pribatu/kontzertatuko langileei ere zuzenduta); sindikatuen arteko ika-mikak eta irizpide politikoak alde batera utzita. Batetik, aurrean ditugun erakundeen aurrean ahalik eta indar gehien egin aldera; eta bestetik, mobilizazio zatitu eta partzialek langileongan nekea, etsipena, borroka sindikalarekiko urruntzea eta desmobilizazioa sakontzen dutelako.